Press "Enter" to skip to content

K1 Slam gurutzaketak (1)

K1 Slameko gurutzaketak aztertu ditugu

Estatuko K1eko ekitaldi onena dela aldarrikatzen du K1 Slamek; eta badituzte arrazoiak hori esateko, otsailaren 3an jokatuko den IV. ediziorako sekulako kartela prestatu baitute.

Zortzi guda izanen dira K1eko araupean; Espainiako txapelketa bat jokoan egonen da, eta hiru borroka boxeoan, horietatik bi profesional mailakoak. Hauexek dira, Bizkaia Frontoian jokatuko diren lehiak:

 

Luigi Arana vs Cristian Gonzalez, K1 PRO

Etxekoen guda izanen da hau; Elite Sport gimnasioko gerlaria da Arana, K1eko izen handiko profesionalak ditu kide, beraz: Mikel Sortino eta Gustavo Joao, besteak beste. Pasa den urtean Espainiako Kick Boxing txapelketan K1 araupean brontzezko domina irabazi ondoren, profesional mailan lehiatuko da lehen aldiz.

Gonzalez ere debuta egitera dator; Blackz Teameko borrokalariak Espainiako Kick Boxing txapelketan zilarrezko domina irabazi zuen Low Kick modalitatean. Goseturik ibilbide profesionalari ekin nahi dioten bi gerlariren lehia izanen da hori.

 

Ricardo Urrutia vs Sergio Cabezas, K1 PRO

Neko Gymekoa da Ricardo Urrutia eta boxeoan ere lehiatu izan da; bizkaitarra gerlari indartsu eta bizia da, horrelaxe lortu du kurrikulum interesgarri hau: Euskadiko Full Contact-eko Low Kick-eko txapelduna, Buddha Kopako Kick Boxing-eko txapelduna eta Espainiako Low Kick-eko  eta Full Contact-eko txapelduna da.

Aurkari arriskutsua jarri diote aurrean, Sergio Cabezas madrildarra World Fight Tour txapelketako txapelduna da, eta intentsitate eta erritmo handia jartzen die bere borroka guztiei. Urrutiak ez du lan erraza izanen.

 

Jaime Urdanpilleta vs Avetik Petrosyan, K1 PRO

Jaime Urdanpilleta, zarauztarra, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi zituen K1 modalitatean. Gipuzkoako Kuraiako gerlaria da Jaime eta dagoenekoz 45 aldiz igo da ringera; horietatik 33 irabazi ditu, eta bi nuluak izan dira.

Aurkaria ezaguna da lurraldean: Avetik Petrosyan, Armeniako txapelduna. Andres Unzuerekin lehian ikusi ahal izan genuen Anaitasunan pasa den urtean; ezin izan zuen garaipena lortu aurreko hartan, baina harri bat bezain gogorra dela erakutsi zuen.

 

Gustavo Joao vs Jesus Ponce, K1 PRO

Gustavo “Pantera” Joao, Elite Sporteko gerlaria, beso eta hanka luzekoa da eta aurkariek errespetu handia diete bere belaunkada arriskutsuei. Andoni Iglesiasen aurka borrokatzekotan zegoen lehenik, baina Italian Europako txapelketa defendatuko duenez, ordezko aurkari bat bilatu behar izan diote. Joaoren azken lehia ikus dezakezue hemen.

Jesus Ponce, cordobarra; aurkari bikaina opatu diote Panterari Iglesiasen hutsunea betetzeko. Titulu festa dauka bizkar gainean: WKL (World Kickboxing League) Munduko K1 txapelduna, Espainiako K1 txapelduna profesional eta amateur mailan, Andaluziako txapelduna eta gehiago. Lehia interesgarria izanen da.

 

David Mejía  Vs Razmik Ghulinyan K1 PRO

Albazetetik dator Mejia, borrokalari gaztea da baina esperientzia zabalekoa. IKA K1eko Munduko txapelduna da eta kanpoan borroka garrantzitsuak egin ditu (Errusian, Frantzian, Txinan…). Kunlun Fighten (Txinan) KO bidez garaitu zuen Sun Zhixian.

Aurkaria Razmik Ghulinyan armeniarra izanen da, borrokalari gogorra hau ere.

Jairo Diaz vs Elam Ngor K1 PRO

Aurkezpenik behar ez duen borrokalaria da Diaz; gerra egitea gustuko duen borrokalari horietako bat da, afizioak maitatua horregatik. Pasa den urtean David Calvo “Currito” KO bidez garaitu zuen Torrelavegakoak, Masters Seriesen V. edizioan.

Elam Ngor, Tenerifetik dator; Jairo bezala, nerbio handiko gerlaria da eta ekitaldi garrantzitsuetan parte hartu  du; lehia bizia izanen da hau ere.

 

Gainerako gurutzaketak bihar  aztertuko ditugu!

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: