Press "Enter" to skip to content

K1 Slam gurutzaketak (2)

K1 Slameko gurutzaketak aztertzen hasi ginen atzo; hauxe da jarraipena. Mikel Sortino eta Maikel Garciaren arteko Espainiako K1 txapelketa bertan behera geratu da, Sortinok tibian infezkio larri bat izan baitu.

 

Maikel Garcia vs Kevin del Rio, K1 PRO

Sortinoren lesioa dela eta, ez du Espainiako K1 gerrikoa jokoan jarriko Maikel Garciak, baina aurkari bikaina aurkitu dute K1 Slamekoek, lehia estuak eskaintzen jarraitzeko. Kuraia Donostiko Kevin del Riok borrokatuko du Munduko txapelduna den Tenerifeko gerlariaren aurka.

Del Rio borrokalari bizia da; hemen ikus dezakezue azaroan Zarautzen egindako guda.

 

Jonathan Domínguez vs Cristian Torres, K1 PRO

Etxeko gerlaria da Jonathan Dominguez, Elite Sporteko kidea. “Jony” Espainiako WKA K1 txapelduna da,  profesionaletan. Teknika handiko borrokalaria, egitura sendo batekin aurrera egiten duen horietako bat da.

Aurkaria, Cristian Torres, Ponferradako Mamba Gymeko gerlaria da; teknikoa hau ere, WAKO PRO K1eko Munduko txapelketa irabaztear egon zen duela hilabete bat, baina zauri batek eragotzi zion titulu hori eskuratzea.

 

Sergio Sánchez vs Kaial Dzhaniev, K1 PRO

Sergio “Dinamita” Sanchez, Euskal Herriko erreferenterik handienetako bat da K1 modalitatean. Europako txapelduna bitan, Espainiakoa, Euskadikoa… nazioartean emaitza bikainak lortu ditu Sergiok eta, orain, etxekoei bere borrokaren edertasuna erakustera dator.

Mohammed Jaraya marrokiar sendoaren aurka lehiatzekotan zegoen hasiera batean, baina lesio baten ondorioz, antolakuntzak ordezko aurkari bat bilatu behar izan zuen: Kaial Dzhaniev, Buakaw garaitu zuen gerlari errusiarra. Erronka ederra, beraz, “Dinamita” Sanchezentzat, Dzhaniev munduko borrokalaririk onenetariko bat baita. 25 urterekin 37-4ko errekorra dauka; boxeoan ere ibilia da: amateur mailan 100 borroketatik 92 irabazi ditu, eta Europako txapelduna da.

Dudarik gabe, ekitaldiko borrokarik interesgarrienetako bat izanen da hori.

 

Jon Jader vs Aaron Gonzalez, Boxeo olimpikoa

Elite Sporteko erreferentzia da “Jonja” boxeoan; Espainiako selekzioan aritzen da Bilbokoa eta, besteak beste, Gallarta Boxingeko borrokalaririk onenaren Gabriel Moreno saria irabazi zuen pasa den urtean

Ezaguna du iada aurkaria, Aaron Gonzalez; 2017ko Espainiako txapelketetan finalera iritsi ziren biak eta galiziarrak eraman zuen garaipena, estu. Mendekua hartzekotan dago “Jonja”.

 

Jon Miguez vs Leonel Rodrigo, Boxeo PRO

Jon “The Good Boy” Miguez, Getxon jaioa, izen aski ezaguna dagoenekoz; 2017an egin zuen debuta profesional mailan eta adituek Kerman Lejarragarekin alderatzen dute. Errekorrean lau eta hutsekoa lortzea bilatuko du Leonel Rodrigoren (2-2, 1KO) aurka.

Ekuadorren jaioa, Rodrigo ezaguna da Miguezentzat, amateur mailan Kastrokoa garaitu zuen azken borrokalaria izan baitzen; mendeku hartzeko aukera izanen du orain Miguezek ere.

 

Sergio Garcia vs Jeffrey Rosales, Boxeo PRO

Errekor bikainarekin aurkezten da Sergio “El Niño” Garcia: 25 garaipen (13KO bidez), galduak huts. WBCko Silver txapelketa irabazi zuen pasa den urtean Isaac “Real” Chacaren aurka, eta arrakasta handiz defendatu zuen Felice Moncelliren aurrean. Torrelavegakoaren aurkaria, Jeffrey Rosales, errekor xumeagoko gerlaria da (8-6-2, 2KO); panamarra da eta bertan egin ditu bere borroka gehienak, honako hau, Europan egiten duen lehen lehia izango da.

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: