Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (37)

Tao Te Ching

Lao Tse

37

Tao-ak ez du ezer ere egiten,

baina haren bidez egiten dira gauza guztiak.

Gizon-emakume boteretsuak

zentratu ahal izanen balira “bidean”,

mundu osoa eraldatuko litzateke berez,

erritmo naturalean.

Jendea pozik egonen litzateke

bere eguneroko bizimodu arruntarekin,

harmonian, desio eta nahirik gabe.

 

Desiorik ez badago,

dena dago bakean.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

Gogoan izan zer esaten duen Lao Tsek lehendabiziko kapituluan:

          “Desiorik ez baduzu, ezkutuan dagoena ulertuko duzu.

          Desiretan harrapaturik bazaude,

          haien agerraldiak besterik ez duzu ikusiko.

          Eta, halaz ere, hala ezkutukoa nola ageriko guztiak

          iturri beretik irteten dira”.

Behin baino gehiagotan ekartzen ditu hizpidera Lao Tsek gai berberak. Batzuek diotenez, Tao Te Ching ez zen idatzi kapituluka; hori geroko antolamendu bat izandu zen. Jatorrrizkoan egitura zirkularragoa zuen idatziak, eta, hori dela-eta, gaiak maiz errepikatzen dira.

Kontua ez da desiorik ez izatea, ia-ia ezinezkoa baita hori, baizik eta desio horietan harrapaturik ez egotea. Eta hori ez da batere erraza, bizi garen gizarte honetan etengabeko iragarki-eraso baten burrunba besterik ez baitzaigu heldu askotan. Azken batean, gaurko egunean informazio, aukera, gauza… gehiegi daukagu eskura. Beta gutxi (gutxiegi), ordea, lasai egoteko, ezertan ere pentsatu gabe.

Desio eta nahietatik libre egonez gero, errazago da opatzea norberaren tokia, errazago da zentratua egotea, orekan. Beraz, errazago da bakean eta harmonian bizitzea. Eta errazago izanen da ezkutuan dagoenari ere erreparatzea, ageriko horiek guztiek erabat itsuturik gelditu gabe. “Gizon-emakume boteretsuak…” aipatzen du Lao Tsek, beren interes eta nahiak mundu guztiaren gainetik ezartzeko ahalmena baitute. Ez dirudi, bada, Lao Tsek aipatzen duen bidea jorratzen ari denik…

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: