Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (38)

Tao Te Ching

Lao Tse

38

Maisua ez da saiatzen boteretsua izaten;

hartara, egiatan boteretsua da.

Gizon-emakume arruntak etengabe ibiltzen dira botere bila;

hartara, sekula ez dute nahikoa.

 

Maisuak ez du ezer egiten;

halere, ez du ezer uzten egin gabe.

Gizon-emakume arruntak beti ari dira gauzak egiten, etengabe;

halere, asko eta asko gelditzen dira egin gabe.

 

Bihotz onekoek zerbait egiten dute;

halere, zerbait gelditzen da egin gabe.

Zintzoek zerbait egiten dute;

halere, gauza asko uzten dituzte egin gabe.

Gizon-emakume moralek zerbait egiten dute;

eta jendeak erantzuten ez badu,

mahukak bildu eta indarra erabiltzen dute.

 

Tao-a galtzen denean, onberatasuna agertzen da.

Onberatasuna galtzen denean, moraltasuna agertzen da.

Moraltasuna galtzen denean, errituala agertzen da.

Errituala moraltasunaren azala da,

kaosaren hasiera.

 

Beraz, Maisua sakonekoaz arduratzen da,

ez azalekoaz;

fruituaz arduratzen da,

ez loreaz.

Ez du berezko borondaterik.

Errealitatean bizi da,

eta joaten uzten ditu amets hutsak.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Argi bereizten du Lao Tsek kapitulu honetan zer den Tao-a eta zer den Te-a. Te kontzeptu hori bertute edo onbide moduan itzuli izan da mendebaldean. Tao-an ibiltzen denak ez du inongo ahalegin berezirik egin behar boteretsu izateko eta egin beharrekoak egiteko. Berez etortzen zaio etorri beharreko guztia, Tao-aren barruan eta harekin harmonian bizi izanez gero uler baitezake sakon-sakonean, ezkutuan, dagoena.

Onbidea ez da Bidea, beraz, Lao Tse-rendako, eta onbidea agertzen da Tao-a (Bidea) galtzen denean. Hau da, bertuteen gainetik dago Tao-a. Horregatik jartzen ditu bigarren plano batean bihotz onekoak, zintzoak eta gizon-emakume moralak. Eta horrexegatik zehazten digu mailaz mailako gainbehera bat: onberatasuna > moraltasuna > errituala.

Tao-a (Bidea), nolanahi ere, beste plano batean dago; izan ere, bihotz onekoa edo zintzoa izateko nork bere borondatea aktibatu behar du, nahita jokatu beharra dago halakoxea izateko. Tao-an bizi denak, ordea, ez du berezko borondaterik, gauzak edo egin beharrekoak berez etorriko zaizkio. Zenbatek ez ote ditu kaltetu ustez lagundu nahi zituen pertsonak? Bihotz onekoak ez du beti guztien ona lortzen, nahiz eta kalte egiteko asmorik ez izan. Ekialdean esaten dute maisua agertzen dela ikaslea prest dagoenean ikasle izateko, eta ikaslea agertzen dela maisua prest dagoenean maisu izateko. Ez da, beraz, borondatezko jokorik hor. Gertatu beharrekoa gertatuko da gertatu beharreko momentuan eta tokian. Eta horixe da “orain eta hemen” bizitzea, errealitatean bizitzea, ezta?

Alde batera utzi etorkizunari buruzko amets hutsak, eta, zer esanik ez, iraganari buruzko amesgaiztoak.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: