Press "Enter" to skip to content

Bost eraztunen liburua (2)

Bost eraztunen liburua (2)

 Bere biziaren azken urteetan idatzi zuen Shinmen Musashi-k Bost eraztunen liburua. Ikasleei erakusten ibilitako lerro nagusiak bildu zituen liburuan; hura joandakoan, oroigarri moduan-edo erabil zezaten haiek. Nolanahi ere, ez zen batere erraza hainbat atal idatziz jartzea, eta horrelakoetan “ahozko tradizioa da” idazten zuen, azaldu nahi baitzuen kontzeptu haiek ezin zirela transmititu liburu baten bitartez; buruz buru egin beharreko lana zela, alegia.

Liburu honen bidea teknika bada ere, burua edo gogoa da mamia. Musashiren ustez, arte martzialak Bideari buruzko ikuspuntua edo psikologia besterik ez dira. Horregatik ez ziren salgaiak, ezta erosgaiak ere. Gatazka egiazkoa da. Bidea egiazkoa da. Ikasleak bere esperientzia erabili beharko du hala gatazka nola Bidea gainditzeko. Eta horretarako, askoz ere garrantzitsuagoa da burua teknika baino. Bada esaldi bat behin eta berriz agertzen dena liburuan: “Sakon ikertu beharko zenuke hori”, egiazko esperientzietan oinarritzen baita Musashiren irakaspena.

Hil baino astebete lehenago Auto-konfiantzaren bidea edo, literalki, Bakarka egin behar den bidea idatzi zuen, eta 21 puntutan laburbildu zuen ikasleek kontu hartu beharreko zenbait puntu:

  1. Ez eman bizkarra mundu honetako Bide ezberdinei.
  2. Ez egin azpijokorik gozamen fisikoa lortzeko.
  3. Ez saiatu ezertaz ere fidatzen.
  4. Har ezazu zeure burua arin; har ezazu mundua sakon.
  5. Ez hartu gogoan diruzalekeria.
  6. Ez izan damurik zeure biziaren ezertaz.
  7. Ez izan inbidiarik inoren zorionaz, ezta desio ere inoren zoritxarra.
  8. Ez izan damurik, inolaz ere, edozein norabidetan abiatzeagatik.
  9. Ez kexa zeure buruaz, ezta beste inortaz ere.
  10. Ez izan gogorik maitasunaren bidera gerturatzeko.
  11. Ez izan lehentasunik.
  12. Ez izan itxaropenik zeure etxeaz.
  13. Ez izan zaletasunik zuretako gozoa den janariaz.
  14. Ez eraman zurekin belaunaldiz belaunaldi oinordetzan hartutako antzinako gauzarik.
  15. Ez egin baraurik, zure osasunarendako kaltegarria bada.
  16. Ez zaletu gauza materialetara, ez bada ekipamendu militarra.
  17. Bidean zauden bitartean, ez kezka hiltzeagatik.
  18. Ez saiatu gauza baliotsuak pilatzen edo feudo bat izaten zahartzarorako.
  19. Errespeta itzazu jainkoak eta Budak, baina ez izan haien mendeko.
  20. Zeure bizia eman badezakezu ere, ez eman sekula zeure ohorea.
  21. Ez utzi inoiz arte martzialen Bidea.

 

Bosgarren hilabetearen bigarren eguna,

Bigarren Shoho-urtea (1645)

SHINMEN MUSASHI

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: