Press "Enter" to skip to content

Unai Caro, Espainiako Muay Thai txapelduna

Iberiako txapelketa irabazi zuen abenduan Unai Carok; larunbatean, Espainiakoa irabazi zuen; eta hurrengoa, Europakoa izan liteke

Bere buruari mugak jartzen ez dizkion horietako bat da Unai Caro (1992, Sestao); 29 borroka ditu bizkargainean dagoenekoz, Iberiako Muay Thai txapelduna da, eta orain, Espainiakoa ere bai.

Etxean jokatu zuen 63,5 Kg-tako Espainiako Muay Thai txapelketa, larunbatean. Aurrean, esperientzia handiko gerlari bat zeukan: Jonathan Fabian, zortzi bider Espainiako txapelduna, behin Europakoa.

“Egia esan, presionatuta atera nintzen; taldeko guztiek irabazi zuten eta ezin nuela huts egin sentitzen nuen”

Presioak presio, ondo aritu zen Sestaoko gizasemea, 4. rounda izan ezik gainerakoak irabazi baitzituen. “Hura defentsara zegoen gehiago, eta ni haren bila; azti itxaroten egon zen, zakur zaharra zen”, aipatu digu. Epaileek argi ikusi zuten irabazlea eta gerrikoa etxean geratu zen.

Unai garaipena ospatzen // Sergio Gardoki

Antolatzaileak, Kwoon Shaolin taldea, harro egoteko moduan daude, taldekide guztiek lortu baitzuten garaipena; horietako bat, Arkaitz “Gudari” Ramos borrokalari ezaguna izan zen, AMM eta K1ean lehiatu ondoren, Muay Thai profesionalean arrakasta handiz egin zuen debuta.

“Pausoz pauso aurrera”, horixe da Unairen filosofia, eta ondo doakio. Munduko txapeldun izatera heldu nahi du, eta gerturatzen ari da pixkanaka, borrokaz borroka maila igotzen. Aurten nazioarteko lehia batzuk egiten jarraitzea gustatuko litzaiokeela esan digu, eta ahal bada, Europako txapelketa jokatu; baina ezin bada, datorren urtean; ez du prisarik Unaik.

Atseden astea bukatu eta lanean jarraitu beharko du gazteak, hurrengo hitzorduak prestatu behar baititu. Martxoan Thailandiara joatekotan da, eta oraindik borrokarik itxi ez duen arren, ziur lehiara irtengo dela. Oroitzapen onak ditu han egon zen azken alditik, bertako bat KO bidez garaitu baitzuen.

Hurrengoa, apirilean izango da, Galizian. Nazioarteko lehia izango da hori, Enfusion Liveko holandar bat izango baitu aurkari. Martxa ederra!

Argazkiak: Sergio Gardoki

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: