Press "Enter" to skip to content

Sergio Garcia vs Jeffrey Rosales // Kronika

Ez dakit, Jairo Diazekin batera, jarraitzaile mordoa ekarri zuen Sergiok Torrelavegatik, edo bizkaitarrek boxeolari hau maite duten; edonola ere, Garcia etxean zegoela zirudien.

25 eta hutseko errekor bikaina du Sergiok, WBC Silver txapelduna da (Jonfer bezala) eta Europako txapelketa jokatzekotan da (Kerman bezala). Goi mailako superwelterra da beraz, goi mailako aurkariekin lehiatu beharko zena.

Atzoko aurkaria, Jeffrey Rosales (8-7-2) panamarra, Europako txapelketa prestatzeko erronkatxo bat izango zen, ziur aski.

Gaueko borrokarik lasaiena izan zen, lasai-lasai irten ziren aldageletatik, bai Sergio eta bai bere taldea; Txutxi del Valle ere hor egon zen, izkinan.

Borroka hasi eta berehala, arriskua sortzen saiatu zen panamarra, baina borrokak aurrera egin ahala, laster ikusi zen Sergiok ez zuela arazo handirik izango. Izkinak instrukzioak ematen zizkion Sergiori, ahotsa inoiz altxatu gabe; zeharkan begiratzen zion Sergiok entrenatzaileari, instrukzio bat ematen zioten bakoitzean. Harrigarria, nahiko lasai zegoelako seinale.

Boxeo propioa dauka Sergiok; guardia altu zeraman beti, baina batzuetan besoak aurreratu eta zabaldu egiten zituen, distantziarekin jolasteko edo. Rosalesen ukabilak aise saihesten zituen buru eta gerri mugimendu zehatzekin. Ederto ixten zuen guardia beste batzuetan, eta panamarraren kolpeak ezerezean geratzen ziren, harresi baten aurka talka egingo balute bezala.

Bosgarren rounda iritsita, “Vamos, vamos!” garrasi egiten zuen Rosalesek erasoari ekiten zion bakoitzean; momentu interesgarria iruditu zitzaidan eta esango nuke Maritxalarri ere halaxe iruditu zitzaiola. Berriro ere, oldarraldiak Garciaren harresian geratzen ziren, eta lan horrek desgaste fisikoa besterik ez zion ekarri panamarrari.

Bosgarrenean bertan joan zen lurrera Rosales eta babes kontaketa egin zion Manuk. Borroka amaitu zitekeela zirudien, Sergioren nagusitasuna oso argia baitzen, baina ez zen hortara etorri “El Niño”. Lan egiten jarraitu zuen, zortzi roundak amaitu arte, eta erabaki bidezko garaipena eskuratu zuen. Prestakuntza ona EBUko gerrikorako.

Gerlari moduan ibili zen panamarra, inoiz amorerik eman gabe, eta horrexegatik pentsatu zuen harmailek eskertu egingo zutela; ikusleengana bideratu zen amaieran, errekonozimendu baten bila edo, baina, tamalez, ez zuen erantzun handirik jaso, eta etxera itzuli zen.

Gehiago:

Ricardo Urrutia vs Sergio Cabezas // Kronika

Jaime Urdanpilleta vs Avo Petrosyan // Kronika

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: