Press "Enter" to skip to content

Bost eraztunen liburua. Lurra (1)

Bost kapitulu ditu Shinmen Musashi-k idatzitako liburuak: Lurra, Ura, Sua, Haizea eta Hutsa. Banan-banan eta zatika ekarriko ditugu orri hauetara.

Lurra (1)

“Bi zeru, estilo bat”[1] deitu diot arte martzialetako neure bideari. Urte luzez diziplinari emana ibili ondoren, pentsatu dut liburu batean biltzea lehen aldiz nire esperientzia hori.

Kan’ei-ren hogeigarren urteko (1643) hamargarren hilabetearen lehendabiziko astean-edo, Iwato mendira, Higo probintzian (Kyushu uhartean), igo nintzen, eta han begirunez gurtu nuen zerua, Kannon adoratu nuen, eta Budari neure burua aurkeztu nion. Harima probintzian jaio nintzen, eta Shinmen Musashi no kami Fujiwara no Genshin gerlaria naiz. Orain hirurogei urte ditut.

Arte martzialei buru eta bihotz emana bizi izan naiz oso gazte nintzenetik. Hamahiru urte nituenean izan nuen nire lehendabiziko borroka. Arima Kihei izan zen nire lehen aurkaria, Shinto estiloko artista martziala, eta garaitu egin nuen. Hamasei urte nituela Tajima no Akiyama artista martzial kementsua garaitu nuen. Hogeita bat urtetan hiriburura joan nintzen, eta artista martzial ospetsu asko ezagutu nituen. Hainbat duelutan parte hartu nuen han, eta guzti-guztiak irabazi nituen. Gero, probintziaz probintzia ibili nintzen, bazterrik bazter, eta eskola desberdinetako artista martzial askorekin topoztatu nintzen, eta hirurogei-bat duelutan parte hartu banuen ere, behin ere ez nuen galdu. Hamahiru urtetan hasi eta hogeita zortzi-hogeita bederatzi urte bete artio ibili nintzen dueluetan borrokan.

Hogeita hamar urte bete, eta nire biziaz gogoeta egin nuenean, ulertu nuen ez nintzela garaile atera arte martzialetan halako trebetasun berezi bat nuelako. Beharbada, neurezko gaitasunen bat edukiko nuen, edo ez nintzen urrunduko oinarri naturaletatik. Edo, agian, gauza da beste estiloetako arte martzialek puntu ahulen bat zutela nonbait?

Harrezkeroztik gau eta egun aritu nintzen lanean, oinarri sakonenak ezagutzeko nahian, eta naturaltasun osoz garatu nuen arte martzial honetako Bidea, berrogeita hamar urte inguru nituela. Ordutik aurrera, sakonki ikertu gabe eman dut denbora. Konfiantza osoa izan dut nire arte martzialaren oinarrietan, eta ez dut inoiz maisurik izan beste arte batzuen Bideak ikasten aritu naizenean. Beste ezertan ere ez dut maisurik izan. Orain, liburu hau idazten ari naizenean ere, erabiltzen ditudan hitzak ez ditut budismo edo konfuzianismotik maileguan hartzen, eta ez dira gerra-garaiko kroniketatik edo praktika militarretatik ateratako adibideak ere. Estilo honen ikuspegiaren barruan azalduko dut egiaren funtsa, Zeruaren eta Kanzeon-en bideak ispilu moduan erabilita.

Hamargarren hilabetearen hamargarren egunean, tigrearen ordua itzuli bat pasatuta (goizeko 04:30) hartzen dut nire pintzela, eta liburu hau hasten dut.

 

William Scott Wilson-en bertsioan oinarritua

 

[1] “Bi zeru, ur-lasterra” ere deitu izan zaio estilo horri.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: