Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (43)

Tao Te Ching

Lao Tse

43

Munduko gauzarik leunenak

mendean hartzen du munduko gauzarik gogorrena.

Substantziarik ez duena

sartzen da espaziorik ez dagoen tokian.

Horrek erakusten du “ez-eginez” egitearen balioa.

 

Hitzik gabe irakatsi;

egintzarik gabe gauzatu:

horra Maisuaren bidea.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

“Ez-eginez” egitearena behin baino gehiagotan aipatzen du Lao Tse-k. Kontzeptu horren bidez azaldu nahi du, askotan hobe dela Tao-ari uzten egitea guk gerauk zeozer egiten tematzea baino. Pasibotasuna ongi ulertua, alegia. Hau da, behar-beharrezkoa denean ekinbidea hartzea, hartu inongo beldurrik gabe. Baina beti eta gauza guztietarako beharrezkoa da ekinbidea hartzea? Ezinbestekoa da gure ekinbidea gure inguruan gauzak ongi eta txukun gerta daitezen? Harrokeria ere bada horrela pentsatzea eta jardutea; ongi barneratua dugun harrokeria, bestalde. Gatazkak ere askotan luzatzen dira ergelki pentsatzeagatik gu gauza izanen garela egiteko aurrekoek ezin egin izan dutena (“orain nire/gure txanda da” bertsio famatua). Harrokeria itsukeria bihurtuta, alegia.

Hitza da, dudarik gabe, gure irakasteko eta ikasteko prozesu guztiaren muina. Hitzik gabe, nola azaldu zer egin behar den, eta, batez ere, zer ez den egin behar? Praktika hutsaren bidez? Onak eta erakusgarriak izan beharko lirateke gure praktikak, ezta? Ulergaitza da, oso, kontzeptu eta jokamolde hori gurean. Adibidez, Tai Chi-a edo Chikung-a ikas (edo, hobeki esanda, barnera) daitezke, besterik gabe, astean behin edo bitan ordu pare batez landurik? Edo, norberaren egunerokoan integratu behar dira askotariko praktiken bidez? Jokamolde, kontzeptu… batzuk ez dira ikasteko, praktikatzeko baizik. Eta praktikaren bidez barneratu eta nork bere estiloa, modua garatuko du. Askoz ere aberatsagoa izan daiteke bide hori.

Horretarako, ordea, malgutasuna behar da; leuntasuna, zurruntasunaren aurrean. Tao-ari bidea eman behar zaio askotan.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: