Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (45)

Tao Te Ching

Lao Tse

45

Egiazko perfekzioa ez-perfektua dela dirudi,

baina perfektua da bera berez.

Egiazko osotasuna hutsik dagoela dirudi,

baina haren agerpena oso-betekoa da.

 

Egiazko zuzentasuna okerra dela dirudi.

Egiazko jakinduria ergela dela dirudi.

Egiazko artea kasualitatearen emaitza dela dirudi-

 

Maisuak bide ematen du gauzak gerta daitezen.

Zer gerta ere, heldu diren bezala hartzen ditu gauzak.

Erditik kentzen da

eta Tao-ari ematen dio hitza hura mintza dadin.

 

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

“Bazter itzazu itxurakeria eta handinahikeria” izan zitekeen kapitulu honen izenburu egoki bat, biak lotzen baitira azaltzeko zergatik kosta egiten zaigun hainbeste ikustea (eta onartzea) zerbait perfektua dela, edo osoa, edo zuzena, edo artea, edo…

Alde batetik, pertzepzioaren huts egiteak aipa daitezke; izan ere, hain zaila da hautematea non dauden gure pertzepzioaren mugak, eta zergatik huts egiten dugun hain maiz? Norberarendako zaila ez eze, ezinezkoa ere izan daiteke maiz askotan zuzen hautematea, gehien-gehienetan ikusten baitugu eta sentitzen baitugu nahi eta behar duguna, errealitateari muzin eginez. Norberaren nahi-beharretan galtzen da pertzepzioa; horregatik ez da harritzekoa beti eskasa ikustea gure inguruko errealitatea, nekez, oso nekez, betetzen baita norberak nahi eta behar duena gure jendarte kontsumista honetan. Erraza da, ordea, egiazko itxurak itxurakeria bihurtzea, handinahi ustelak txanpiñoiak bezala hazten baitira nonahi.

“Izan zaitez moldagarri” izan zitekeen beste izenburu egoki bat, baldin eta bukaerakoa abiapuntu moduan ulertuko bagenu, hainbat esparrutan egiten den bezala. Gutxiago inplikatuz gero inguruko gertaeretan, perspektiba hobea izan genezake, beharbada, hautemateko zer eta nolakoak diren inguruko agerpenak. Gertatzen utzi, alde batera egin eta patxadaz behatu, Tao-ak dioena arretaz entzuten. Gehiago balioetsi beharko genuke moldatzeko eta egokitzeko gaitasuna, zurrunkeriak alde batera utzita. Asegaitzak gara, ordea, gero eta gehiago nahi eta behar; natura bera ere txikitzeraino irits gaitezke gure nahiak betetze aldera.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: