Press "Enter" to skip to content

Asteburuko emaitzak

Asteburu mugitua izan dugu honako hau, kontaktuzko kirolei dagokienez. Ezinezkoa zaigu berriak banan-banan idaztea (seinale ona); beraz, hementxe doa laburpentxo bat.

Sebastian “Latigo” Perezek Espainiako super oilar pisuko txapelketa jokatu zuen ostiralean, Madrilen. Borroka estua izan zen eta epaileek berdinketa eman zutenez, ezin izan zuen gerrikoa Errenteriara eraman.

Larunbatean, hiru jaialdi jokatu ziren Euskal Herrian. Sestaon (Bizkaia), Euskadiko boxeo txapelketak jokatu ziren. Ekitaldia nahiko motz geratu zen, 15 borroka baitzeuden aurreikusirik, baina soilik sei borrokaldi izan ziren; horietatik bost, finalak.

Vendaje Duroren orrialdean daukazue informazio gehiago.

Gasteizen “Fight Time” ekitaldia jokatu zen, Indar Vitoriak antolaturik. Sergio “Dinamita” Sanchezek borrokatu zuen norgehiagoka nagusian, puntu bidezko garaipen sendo bat lortuz (azkarrago amaitzeko aukera ere izan zuen).

Berriozarren BoxRus taldeak antolatutako boxeo jaialdia jokatu zen; bertan, Artem Shukanov Iruñean bizi den errusiarrak bosgarren garaipen profesionala eskuratu zuen. 18 hilabeteko etenalditxo baten ondoren, emaitza ederra garaiezin jarraitzeko. Euskoboxen informazio gehiago.

Azkenik, Mikel “Sugandilla” Mendinueta gerlari nafarrak Kanariar Uharteetan borrokatu zuen, Daniel Requeijo borrokalari ezagunaren aurka. Requeijo nazioarteko hainbat txapelketetan aritu izan da, eta esperientzia baliatu zuen nafar gaztea garaitzeko.

Ondo aritu zen Mendinueta, zutik zeudela hainbat zuzen ere sartu zizkion, baina lurrean Requeijo izan zen nagusi, eta bigarren roundean “mataleoi” bidez garaitu zuen Iruñekoa. “Hormaren aurkako defentsa hobea” falta izan zitzaiola aipatu digu Mikelek; hurrengo hitzordua maiatzean izango du, Donostian bertan!

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: