Press "Enter" to skip to content

Sergi Suhigarai: “niri pertsona interesatzen zait, zergatik hasi den boxeoan, zein den bere filosofía, zein bere gakoak…”

Apirilaren 6an aurkeztuko dute Algortan Sergi Suhigarairen proiektua: BOXEOLARIAK

Batzuetan, boxeoaren indar erakarle bizi horrek, sotila ere zenbaitetan, mugaz bestaldeko norbait harrapatzen du. Batarengatik edo bestearengatik, boxeo mundutik at daudenei ere, pizten zaie noizbait Arte Noblearen inguruko interesa; eta Arteak artista topatzen duenean, horrelako proiektuak sortzen dira.

BOXEOLARIAK da Sergi Suhigarairen proiektu berriaren  izena; boxeolariak, eta ez boxeoa, pertsonak direlako abantoarrari interesatzen zaizkionak, “zergatik sartu den boxeoan, zein den bere filosofía, bere gakoak…”.

Galdera horiei erretratu bidez erantzutea  izan da Sergiren asmoa; eta ez da lan makala izan, bi urtez aritu baita gimnasioz gimnasio, kamara ta oihal beltza eskuan.

“Boxeolari bakoitzarekin ordu bete inguru egon naiz, ez da presarik izan behar. Hamar minutu besterik ez bazara egoten, persona itxita eta bere burua babesten egongo da; denbora gehiago erabilita, hesi horiek apurtzea bilatzen dut.”

Denborak sakontasuna eman zion gerturatze horri, eta hasiera batean bilatzen zituen aurpegi eta espresio klasikoetatik haratago joan zen. “Azkenean denok irudikatzen duguna da, tinkotasuna, indarra, oldarkortasuna… baina gero ikusten duzu denetatik dagoela”. Laztasuna izango da, halere, proiektuaren arima, txuri-beltza, eta kontraste handiko irudiak.

Errepasatu dezagun, bi urtez gimnasioz gimnasio, 100 boxeolari denetara, ordubete bakoitzarekin… atera kontuak! 10.000 argazkitatik soilik 15 joango dira erakustaldira; baina nola egiten da aukeraketa?

“Adibidez, batek esaten bazidan bizitza gogorra izan dela, edo izan dituen zailtasunak, arazoak… hori guztia hartzen dut kontuan argazkia aukeratzeko orduan; eta suposatzen da argazki horrek transmititzen duela kontatu didana. Suposatzen duzu badaukazula sen bat edo zeozer aukeraketa egiteko”.

Landutakoa ere izango da sen hori, beste hainbat proiektutan ibili izan baita Sergi; ondasun industriala, preso politiko baten ama eta, orain, harrizulatzaileak dira abantoarrak landu dituen gaiak. Dimentsio hauetako proiektu bat egin duen lehen aldia izango da, halere, baita bakarka egingo duen lehen erakustaldia  ere.

Apirilaren 6an, Villamonteko Erakusketa Gelan (Algorta-Getxo) aurkeztuko du proiektua Suhigaraik, eta 15 egunez egongo da ikusgarri.

15 boxeolari, 15 erretratu, neskak eta mutilak, inork ez daki zein izango diren aukeratuak!

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: