Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… prozesu bikoitzen eredua. Arreta, noiz eta nolakoa?

Arretak edo atentzioak kirol praktikan duen eragina ikertzea da Philip Furley-k, Geoffrey Schweizer-ek eta Alex Bertrams-ek argitaratu duten lanaren helburua. Lan luzea da; beraz, laburpentxo bat ekarriko dugu hona. Osoa irakurri nahi duenarendako, hona izenburua eta helbidea:The two modes of an athlete. Dual-process theories in the field of sport, https://www.researchgate.net/publication/271464131.

Aurreko beste post batean landu genuen arretaren garrantzia eta funtzionamendua kirola praktikatzean, baina oraingo honetan beste ikuspegi batetik lantzen dute ikertzaileek arretaren eragina kirol praktikan.

Prozesu bikoitzak

Prozesu bikoitzen teoria hartzen dute abiapuntutzat. Galdera orokorra hauxe da: nola prozesatzen dugu informazioa? Ikertzaile batzuek (Kahneman, Stanovich…) diote giza portaera bi sistema edo prozesu ezberdinek kontrolatzen dutela. Honelaxe lan egiten omen dute bi prozesu horiek:

  1. Lehenak oso azkar egiten du lan; berehalako erantzunak ematen ditu. Ez da erabiltzen kontrolpeko arretarik.
  2. Bigarrenak, berriz, kontrolpeko arreta eta jokaera eskatzen du. Buru-jarduera eskatzen du; beraz, lan edo kontsumo gutxiko egoeran egoten da normalean, ia-ia geldirik.

Defektuz esku-hartzailea den eredua

Bi prozesu horiek jardunean daude esnaturik gaudenean. Eta teoria horrek izan ditzakeen gabeziak konpontzeko, eta sor daitezkeen korapiloak askatzeko, “defektuz esku-hartzailea” den eredua proposatu dute ikertzaile batzuek (Evans eta Stanovich, 2013). Eredu horren barruan gertatzen dira informazioa prozesatzeko bi bide horiek, batera lan egiten dute, ez bereizirik. Nolanahi ere, defektuz 1. prozesua aktibatzen da beti; horregatik deitzen zaio defektuz esku-hartzailea. Nolako erantzuna eman behar den, edo nolako lana egin behar den, halako prozesuak hartuko du nagusitasuna. Ezaugarri nagusi hauek dauzkate prozesu horiek:

  1. prozesua:
    • Modu autonomoan hasten da erantzuten, eta modu autonomoan bukatzen da erantzuten.
    • Ez du memoria-lanik behar.
    • Erantzun azkarrak emateko erabiltzen da, esfortzu txikiena eginda.
    • Ez da egokia arazo edo eskakizun berriei erantzuteko.
  2. bidea:
    • Memoria-lan kontrolatua behar da lanerako, pentsamendu hipotetikorako.
    • Modu autonomoan hasten da erantzuten; ez, ordea, bukatzen, memoriaren laguntza behar baitu lana burutzeko.
    • Oso egokia da arazo edo eskakizun berriei erantzuteko.
    • Denbora eta esfortzu gehiago behar da erantzuteko. Horregatik, batzuetan ez da balioazkoa (egoera zein den…).

Bi prozesuen lana

Prozesu bakoitzak bere kabuz eta isolaturik lan egin beharrean, badirudi nola edo hala koordinaturik eta batera lan egiteko joera dutela, eta elkarri eragiten diola. Hori dela eta, prozesu bikoitzez (dual-process) hitz egiten dute ikertzaileek, eta aztertu dituzten horrelako eredu guztietatik “defektuz esku-hartzailea” den ereduaren alde egin dute ikertzaile gehienek.

Eredu horren arabera, 1. prozesua beti aktibatzen da, edozein egoerari aurre egiteko, eta 2. prozesua bakarrik aktibatzen baldin eta 1. prozesuak irtenbide egokirik opatzen ez badu. Lehendabiziko prozesu hori ohituretan eta aldez aurretik geureganatutako eskemetan oinarritzen da: adibidez, autoa gidatzea egun arrunt batean. Bigarren prozesua, berriz, irekia gelditzen da; esaterako, (aldez aurretik) ikasitako ohitura horiek bertan behera utzi behar izanez gero, eta orduan arreta edo atentzio kontrolatua aktibatzen da.

Bi prozesuak eta kirola

Kirol jarduera gehienetan 1. prozesua erabiltzen da eraginkorra izateko: erantzuteko denbora laburra, presio handiko egoerak… gertatzen direlako. Oro har, noiz erabiltzen dugu 1. prozesua, eta noiz 2. prozesua?:

  1. prozesua:
    • Jarduera berri bat modu inplizituan ikasten dugunean; hau da, ikasteko asmorik ez dagoenean, ohartu gabe ikasten dugunean. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun: “Ez pentsatu, egin ezazu” dena delako mugimendu edo jarduera bat; edo, “gehiegi pentsatzen duzue”, eta horrelakoak. Horrelakoak entzuten ditugu eskolaren bidez modu esplizitua, batez ere, landu izan dugulako.
    • Aldez aurretik ongi ikasitako mugimendu edo estrategia bat egin edo prakitkatu behar denean.
    • Errendimendu orekatua lortzeko eskakizun handiko eginkizunetan.
    • Testuinguruak erantzun azkarra eta berehalakoa emateko eskatzen duenean.
  2. prozesua:
    • Jarduera berri bat modu esplizituan ikasi behar dugunean. Modu asko egon daitezke horrela ikasteko, baina beti jartzen dugu burua lanean, eta, mendebaldean, ia-ia beti zatikatu egiten dugu ikasi beharrekoa (mugimenduak…)
    • Hala entrenamenduetan nola lehiaketetan ohitura jakin batzuk aldatu behar ditugunean, erorketak edo lesioak saihesteko asmoz.
    • Ohartzen garenean eman behar dugun erantzuna ez dela egokiena, testuinguruak eskatzen duenarekin ez baitator bat.
    • Jarraibideak ematen ditugunean aurrera eraman behar ditugun teknika eta estrategiak behar bezala gerta daitezen.

Giza mugimenduaren zientziak eta mugimenduen kontrolak abantaila handiak atera ditzakete “defektuz esku-hartzailea” den eredua landuz gero.

Ondorioak

Laburtze aldera:

  • 1. prozesua beti egoten da jardunean, antzinakoena baita gure espeziean (ihes egin, aurre egin, geldirik egon).
  • Arreta gidatua edo kontrolatua 2. prozesuari dagokio, eta horrelakoetan hobe da arreta-gunea gurengandik kanpo ezartzea, aurreko postean azaldu genuen bezala.
  • Goi mailako kirol praktikan bi prozesuak lantzea komeni da, elkarri eragiten diotelako, eta eskakizun-sorta askotarikoa izaten delako edozein kiroletan.
  • 2. prozesua lantzean oso garrantzitsua da ikustea ez duela eragozten kirol jardueraren ibilbide egokia.

 

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: