Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (48)

Tao Te Ching

Lao Tse

48

Ezagutzaren atzetik ibilita,

egunero gehitzen da zerbait.

Tao-aren barruan ibilita,

egunero uzten da joaten zerbait.

Gero eta premia gutxiago duzu gauzak behartzeko,

harik eta “ez-eginez” egitera iristen zaren arte.

Ezer ere egiten ez baduzu,

ezer ere ez da geldituko egin gabe.

 

Egiazko nagusigoa eskura daiteke

gauzei beren berezko bidea egiten uzten.

Ezin da eskuratu haien bidean sartzen eta haiek behartzen.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

Maiz askotan aipatzen ditu kapitulu honetako gaiak Lao Tse-k Tao Te Ching liburuan. Ezagutzak pilaturik ere, ez du esan nahi, inondik inora, erabakiak taxuz hartzeko gauza garenik. Lao Tse-ren ustez, hobe da askotan ezagutzaren zama alde batera utzi (joaten utzi), eta geure barne-barnetik antzematen hastea nolako errealitatea den gure ingurukoa. Antzematea eta, askoz ere zailagoa izaten dena gizon-emakumeondako, onartzea eta bere berezko bidea egiten uztea. Zer egiteko, ordea, garatu ditugu geure fisionomia (hankabikoak; eskuak aske) eta garun arrazionala? Etengabeko tentsioa sortzen da egin dezakegunaren eta egin behar dugunaren artean, zaila baita gehienetan bi kontzeptu horiek bereiztea.  Lao Tse-k, nolanahi ere, garbi ikusten du gure lana ez dela Natura -eta harekin batera mundu honetan bizi garen guztiok- izorratzea.

Kontua ez da axolagabekeria edo inmobilismoa bulkatzea; egin beharrekoa egin behar da, eta egin behar denean, gainera. Gauza asko egiteak ez du ziurtatzen egin beharrekoa egin denik, hiperaktibitateak maiz arreta gabezia ekartzen baitu, eta arreta gabeziak okerrak egitea. Beraz, errazagoa da ikastea zer egin behar den egiten uzten; batez ere, pazientzia eta oharmena landuak eta zorroztuak baditugu. “Lan lasterra, lan alferra” esapidea ez zen alferrik asmatu.

 

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: