Press "Enter" to skip to content

Bost eraztunen liburua: Lurra (5)

Bost ataletan banatu dut borroka-arteei buruzko liburu hau

Lan hau bost Bidetan banatu dut, eta haien printzipioak banan-banan erakutsiko dizkizut. Hauexek dira atalak: lurra, ura, sua, haizea eta hutsa.

Lurraren atalean, Borroka-arteei buruzko Bidearen ildo orokorrak emanen ditut, eta neronen estiloa erakutsiko. Zaila da, oso, Bidea ulertzea bakar-bakarrik eskrimaren bitartez. Handia ezaguturik, txikia ere ezagutzen duzu; eta azaletik sakoneraino iristen zara. Lur-azaletik bide zuzen bat luzatzen den gisa berean, lur izena jarri diot lehen atalari.

Bigarren atala urarena da. Ura eredutzat hartuz gero, lortuko duzu zure buruak uraren antza hartzea. Ontziak zer itxura duen -borobila, ertz zuzenekoa…- forma horrexetara egokituko da ura, eta tanta edo itsaso bihur daiteke. Ura urdina da, eta haren araztasunean oinarriturik deskribatu nahi izandu dut neronen estiloa atal horretan. Eskrimaren oinarriak ziurtasunez bereizten badituzu, eta aurkari bat alderdi guztietan aisa garaitzen baduzu, azal daitezkeen aurkari guzti-guztiak garaituak izanen dituzu. Aurkari bat garaitzen duen buru horrexek ezin konta ahala aurkari garaitzen du. Agintean dagoen jeneral baten borroka-arteak txikia handi egiten lortuko du; hau da, oin bateko altuera duen zerbait Buda handi bihurtzea bezalakoxea da. Zaila da zehaztasunez idaztea horren garrantziaz. Bat edukita, hamar mila ezagutzen dituzu. Hori da borroka-arteen printzipioa. Zehatz-mehatz hitz eginen dut neronen estiloaz uraren atalean.

Hirugarren atala suarena da. Atal horretan batailaren muina aztertuko dut. Batailaz mintzatzen naiz sua handia edo txikia izan daitekeelako, eta energia handia izaten duelako. Batailaren Bidean gauza bera da bi lagunen arteko borroka, edo hamar mila lagun hamar mila lagunen kontrako borroka. Norberaren gogamena hedatzea eta uzkurtzea da gauza; kontuan hartu behar da hori guztia, eta arretaz aztertu. Erraz antzematen da handia dena; nekez, ordea, txikia dena. Arrazoia da zaila dela azkar aldaraztea jende multzo handi bat, baina norbanako batek buru bakarra du, eta azkar alda daiteke. Hartara, zaila da ezagutzen txikia dena. Arretaz ikasi behar da hori guztia. Egoera hori istant bateko kontua denez, suari buruzko atalean eguneroko entrenamenduaz arituko naiz, uneak oro erabakigarritzat hartuz, eta ez utziz buruari arreta galtzen. Horiek dira borroka-arteetako puntu garrantzitsuenak. Horregatik idazten dut batailetako garaipenaz eta porrotaz suari buruzko atalean.

Laugarren atala haizearena da. Atal horretan ez naiz arituko neronen estiloaz. Beste borroka-arte batzuei buruz eta haien estiloaz idatziko dut. “Haizea” adierazteko erabiltzen den karaktere txinatarrak “estiloa” ere esan nahi du, eta estilo zaharrak, berriak eta eskola desberdinetan hainbat barruko estilo baitira, argi eta garbi mintzatuko naiz gure herrian dauden borroka-arteez eta estilo desberdinen teknikaz. Horixe da guztia “haizeaz” edo “estiloaz” den bezainbatean. Zaila da nork bere burua ezagutzea, beste gainerakoak ezagutu ezean. Beti egoten dira interpretazio heretikoak, berdin diola zein Bide edo afera duzun esku artean. Egunak joan eta egunak etorri horrelako interpretazio batean erabiltzen baduzu zure kemena, eta zure burua zuzeneko bidetik aldentzen baduzu, nahiz eta pentsatu: “Hauxe da Bide ona”, ez zara egonen egiazko bidean posizio zuzenetik begiratzen zaizunean. Egiazko Bidea egiten ez baduzu, buruaren akats txiki bat akats handia bilakatuko da denboraz. Sakontasunez ikasi behar duzu hori. Normala da beste batzuek eskriman bakarrik ikustea borroka-arteak. Baina beste esanahi bat dago nire borroka-artearen printzipio eta tekniketan. Haizearen gaineko atala idazten dut munduan diren beste borroka-arteei buruz informatzeko, eta beste estilo batzuetan ere arreta jar dezazun.

Bosgarren atala hutsarena da. Atal hori izendatzeko “hutsa” hitza erabiltzen dut, nahiz eta hitz horren bidez ez dudan  “barrukoa” edo “sarrera” azaldu nahi. Printzipioak bururaino eraman ondoren, alde batera uzten dituzu printzipio horiek, askatasun naturala baitago borroka-arteen Bidean: naturaltasun osoz aparteko indarra hartzen duzu, unean unekoari dagokion erritmoa ezagutzen duzu, naturaltasunez oldartu eta kolpatzen duzu. Hori guztia dago hutsari buruzko Bidearen barruan. Hutsaren atala idazten dut naturaltasunez egiazko Bidean barneratzeko modua izan dezazun.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: