Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (50)

 

Tao Te Ching

Lao Tse

50

Maisua erabat lotzen zaio

unean unekoak dakarkionari.

Badaki hilen dela

eta ez duela atxikitzeko moduko deusik:

irudipenik ez, haren gogamenean;

erresistentziarik ez, haren gorputzean.

Ez du gogoetarik egiten bere ekintzez;

haren izatearen erdi-erditik sortzen dira ekintzak.

Bizian ez du ezer heltzeko modukorik;

horregatik dago prest hiltzeko,

egun osoa lanean eman ondoren

lo egiteko prest dagoen pertsona baten moduan.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

“Nola bizi, hala hil” kultura guztietan sakon txertaturik dagoen kontzeptua da. Hots, oso zabaldua den ustea da “biziak hiltzea zor” baldin badu, gure bizimoduak baldintzatuko duela, nola edo hala, heriotzaren aurrean dugun jarrera. Lao Tse-k argi aski esaten digu bidaia horren azken etapa egiteko ezin izanen dugula ezer ere atxiki edo gorde, asko izanda ere aurreko etapetan pilatu duguna, jabetza guztiak bizien artean geratuko baitira. Horregatik, hain zuzen ere, hainbat eta hainbat kezka, nahi eta desiori garrantzia ken dakieke, zama handirik gabe arinago eginen baitugu bidaia osoa.

Ez zuten hori berdin ikusten, nolanahi ere, garai hartako beste kultura batzuetan, ohikoa baitzen boteretsuak hiltzen zirenean haiekin batera lurperatzea eurek pilatutako altxorrak, elikagaiak… baita haien agindupean lanean zebiltzan otseinak ere. Horren ordez, Lao Tse-k esaten digu unean unekoak dakarrenari loturik bizi behar dugula, gogoetarik egin gabe iraganaz edo etorkizunaz; hau da, “orain eta hemen” bizi beharra dagoela, itxaropenik sortu gabe. Baina, ez dago etsipenik planteamendu horretan; alderantziz, baizik.

“Orain eta hemen” bizitzeak, bestaldetik, zentratua bizitzea esan nahi du, gure izatearen erdi-erditik bizi eta e(ra)gin. Adimena ez ezik, gorputza ere landu beharra dago, bizimodu oso eta koherente bat izateko. Esaterako, meditazioa oinarrietako bat bada, bizimodu orekatua izateko, inork sakon landu dezake meditazioa gorputza behar bezala landu gabe?

Gai sakona kapitulu honetan Lao Tse-k ekarri diguna, adar eta korapilo asko dituena: eutanasia, tratamendu medikuak, ohiturak, bizinahia… Lao Tse-k aipatu eta nahi zuen bidetik al doa gure bizimodua?

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: