Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (54)

Tao Te Ching

Lao Tse

54

Tao-an erroak sakon bota dituena

ez da  aisa erauzia izanen.

Tao-a sendo besarkatzen duenak

ez du aisa oztopo eginen.

Ohorez gordeko da haren izena

belaunaldiz belaunaldi.

 

Presente egon bedi Tao-a zure bizian,

eta egiazkoa izanen zara.

Presente egon bedi zure familian,

eta zure familiak gora eginen du.

Presente egon bedi zure herrialdean,

eta zure herria eredu bat izanen da

munduko herri guztiendako.

Presente egon bedi unibertsoan,

eta unibertsoak kantatuko du.

 

Nola dakit nik hori egia dela?

Nire barnekoan begiratuz.

 

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

 

“Izena duenak izana du” dio euskal esaerak, pertsona bat edo gauza bat izan badela esateko. Lao Tse-k kapitulu honetan esaten digu pertsona baten izena “ohorez” gordetzeko, aldez aurretik izana behar duela Tao-an. Hau da, euskal esapidea pittin bat aldaturik, honelaxe eman dezakegu: “Izana duenak izena du”. Aldez aurretik, izana finkatu beharra dago, Tao-aren barruan, eta gero etorriko da izena, gordetzeko eta ohoratzeko modukoa izateko, behinik behin.

Tao-a presente egon behar da norberaren bizian, familian, herrialdean… baldin eta harmonian bizi nahi badugu. Badirudi borondatez egin beharreko bidaia dela Lao Tse-rendako; ez obedientzia itsuan oinarritutakoa. Eta ibilbide garbia aipatzen digu kateatze baten bidez: norbera > familia > herrialdea > unibertsoa. Abiapuntua, beraz, norberaren baitan dago, ez kanpoan. Behetik gorako ibilbidea, edo barrutik kanporakoa, azaltzen digu Lao Tse-k, eta horrek badu garrantzia ikusteko, eta zehazteko, nola kokatu behar dugun geure burua gure bizian, nolako harremanak izan gertuenekoekin eta hain gertu ez daudenekin ere.

Haren esperientzian oinarriturik hitz egiten digu Lao Tse-k, eta bukaeran diosku “bere barnekoan begiratuz” dakiela hori egia dela. Berriz ere, ibilbidearen abiapuntura bueltatzen da. Nolabait esaten digu, egin beharreko lehen bidea (lehena eta garrantzitsuena, seguru asko) nork bere barnekoa ongi ezagutzeko eta harekin konektatzeko egin beharreko bidaia dela. Barrutik kanporako ibilbidea dugu, atzera berriz, oinarri-oinarrian. Ez du ematen planteamendu hori oso erakargarria izaten ari denik gure kulturan, ia-ia “ibilbide” guztiak kanpora begira diseinaturik baitaude. Nola nabarmendu? Nola gailendu? Nola izan arrakasta? Nola hartu lidergoa?… Horrelako hamaika galdera egin ditzakegu laburbiltzeko gure kulturan zirrara sortzen duena. Barnekoa?… zer da hori?

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude