Press "Enter" to skip to content

Ibon Larrinaga: ohorezko “porrota”

Zortzi roundetan heldu zion “Larrik” Michael Conlan irlandarrari

Munduko luma pisuko boxeolari onenetariko baten aurka aritu zen bart gauean Ibon Larrinaga. Zortzi roundetan heldu zion Michael Conlan (7-0, 5KO) irlandarrari, New Yorkeko Madison Square Garden mitikoan, eta garaipena hasieratik urrun ikusi arren, badago ohorea Getxoko gerlariaren ekintzan.

Ez dut borrokaldiaren kronikarik egingo: ikusi ez duzuenek esteka honetan ikus dezakezue. Aztergaia, hauxe da: borroka onartzean “Larrik” argi bazekien irabaztea oso zaila izango zela. Are gehiago, “jotzailea ez izateagatik” aukeratu zutela aipatzen da; izan ere, Conlanek Adeilson dos Santosen (19-4) aurka borrokatuko du datorren hilean; promotoreek ez zuten haien izartxoa arriskuan jarri nahi.

Eta hortxe dago gakoa, borrokalarien babesa. Ohikoa da boxeoan babestuak diren gerlariak ikustea, errekor gozoak sortzeko asmoz-edo. Ibonek (eta geroz eta boxeolari gehiagok) uko egin dio aurkari errazei aurre egiteari. Galtzea ez da heriotza; egiazko txapeldunek ez dute soilik garaipena ezagutzen, eta horrelaxe funtzionatu behar du kirolak.

Ibon Larrinaga tentuz aritu zen, garaipenerako aukera handirik gabe

Boxeoan eta beste hainbat kontaktuzko kiroletan hori ikustera ohitu gara luzez, baina aldaketak ere ikusten ari gara. Miguez eta Gago adibide argiak dira, aurkari zailei aurre egiten diete eta horrek dakar boxeolariaren garapena, baita boxeoarena ere!

Afizioaren ikuspuntutik, oso pozgarria da gure boxeoak dakarren bilakaera hau: ez ditugu gure gerlariak Europako ekialdeko gerlari ezezagunak txikitzen ikusi nahi! Erronkei aurre egiten ikusi nahi ditugu, batzuetan galtzen eta beste batzuetan irabazten.

Zorionak Ibon egindako lanagatik! Madison Square Gardenen ikurrina erakustea eta munduko gerlaririk arriskutsuenetariko baten aurka borrokatzea esperientzia bikaina izango zen, ziur!

Amaitzeko, aipatu beharra dago argi ikusi dela irlandarrak beste “liga” batean jokatzen duela. Eta orain, zer? Ibon bere ligara itzuliko da. Duela gutxi igo zen super oilar pisutik luma pisura eta nahiko eroso ikusten zaio; erronka ederrak ere baditu parean: Espainiako titulua jokatzeko aukera laister iritsiko zaiolakoan gaude. Proba polita izango litzateke hori Getxoko gerlariarentzat.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude