Press "Enter" to skip to content

Bost eraztunen liburua: Lurra (7)

“Borroka-arteak”: nola ulertu hitz horien esanahia?

Gure Bide honetan, ezpata bat erabiltzen gai denari artista martziala deitzen zaio munduan. Gerlarien borroka-arte guztietan, bateon batek arku-tiroa egiten badaki, arkularia deitzen zaio; erriflea erabiltzen trebea bada, tiratzailea deitzen zaio; lantza erabiltzen gauza bada, lantzaria deitzen zaio; eta, alabarda erabiltzen ikasi badu, alabardaria deitzen zaio. Halaz ere, ezpataren Bidea ikasi duenari ez zaio deitzen ezpata luzearen edo ezpata motzaren praktikatzailea. Arkua, erriflea, lantza edo alabarda etxe militarren armak dira horiek guztiak, eta den-denak sartzen dira borroka-arteen Bidean. Baina bada arrazoi bat ezpatari deitzeko berezko borroka-artea. Ezpatari esker, hala gizartea nola norbanakoa orden baten barruan aritzen dira; hori dela-eta, ezpata da borroka-arteen abiapuntua. Pertsona batek ongi menperatzen badu ezpataren Bidea, hamar gizon garaitu ditzake berak bakarrik. Gizon batek hamar gizon garaitu baditzake berak bakarrik, orduan ehun gizonek mila garaitu ditzakete, eta milak hamar mila. Hartara, nire borroka-artean gauza bera dira gizon bat edo hamar mila gizon, eta gerlari baten jardunbide guztiak “borroka-arteak” deitzen dira.

Bideaz den bezainbatean, konfutzianoak, budistak, te-zeremoniako maisuak, zeremoniazko praktiken maisuak, Noh dramaturgoak edo antzekoak ez daude gerlariaren Bidean. Haien Bideak gureak ez badira ere, gure Bidea luze eta zabal ezagutuz gero ez dituzu haien bideak gaizki ulertuko. Behar-beharrezkoa da pertsona bakoitzak bere Bidea ongi-ongi lantzea.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: