Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (55)

Tao Te Ching

Lao Tse

55

Tao-arekin harmonian dagoena

haur jaioberria bezalakoa da.

Hezurrak bigun ditu; giharrak, ahul;

baina irmo eutsiko dizu.

Ezer ere ez daki

gizon eta emakumeen arteko bat-egiteaz,

baina zakila tente manten dezake;

horren handia baita haren bizi-indarra.

Arnasa betean egin dezake garrasi egun osoz,

sekula ere ahotsa zakartu gabe;

horren osoa baita haren harmonia.

 

Honelakoxea da Maisuaren boterea:

ez du nahirik izaten, ez ahaleginik egiten,

gauzak etor edo joan daitezen.

Ez du sekula emaitzarik espero,

horregatik ez du inoiz desengainurik hartzen.

Eta inoiz desengainurik hartzen ez duelako,

haren espiritua ez da inoiz zahartzen.

 

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Chi Kung-a edo Tai Chi-a praktikatzen dutenendako oso garrantzitsua (ezinbestekoa) da “Song-aldia”. “Song” fasean erlaxazio aktibo bat lortzen du praktikatzaileak; hau da, malgua da, biguna, baina aldi berean irmo joka dezake egoera txar edo oldarkor bati aurre egiteko. Eta al ez digu horixe bera azaltzen Lao Tse-k haur jaioberriaz aritzen denean? Ekialdeko zenbait filosofiatan oso zabaldua dago ikuspegi hori, eta haien ustez jaiotzetik ditugun bizi-indarra (herentziaz jasotakoa, barne) eta harmonia galduz joaten gara adinean aurrera egin ahala. Zurrun, mesfidati, izaera gaiztoko… bihurtzen gara, haurtzaroko ikuspegi ireki eta aberatsari erabat bizkarra emanez. Norberaren oskolean bildurik bizi gara, nonbait.

Momentukoari erabat emana bizitzea nahitaezkoa da “Song-aldia” lortzeko. Geure buruan sortzen ditugun itxaropen guztiak oztopo bihurtzen dira momentukoa ehuneko ehunean bizitzeko. Hamaika ahalegin egiten ditugu itxaropen edo nahi horiek betearazteko, eta gauzei edo ingurukoei etortzen edo joaten utzi beharrean, ekarrarazten edo eramanarazten saiatzen gara, den-dena etengabe epaitzen, geure buruarengandik hasita. Ez al da hori nekosoegia momentukoari erabat emanak bizitzeko? Ez al da biderik egokiena geure bizi-indarra laster batean xahutzeko? Eta bizi-indarrik ez badugu, nekez eutsiko diogu bizia harmonia osoz bizitzeko behar dugun bizitasunari. Hortxe baitago koska: bizitasuna. Bizitasunik izan daiteke zama astun-astunak eramaten bizkar gainean?

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: