Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (57)

Tao Te Ching

Lao Tse

57

Buruzagi handia izan nahi baduzu,

Tao-ari jarraitzen ikasi beharko duzu.

Ez saiatu kontrolatzen.

Utzi alde batera kontzeptu eta plan finkoak,

eta munduak berez gobernatuko du bere burua.

 

Zenbatenaz debeku gehiago ezartzen duzun,

bertute gutxiagokoa izanen da jendea.

Zenbatenaz arma gehiago izaten duzun,

segurtasun gutxiago izanen du jendeak.

Zenbatenaz eskupeko gehiago ematen diozun jendeari,

konfiantza gutxiago izanen dute beren buruarekin.

 

Horregatik dio Maisuak:

alde batera uzten dut legea,

eta jendea zintzo bihurtzen da.

Alde batera uzten dut ekonomia,

eta jendea aberasten da.

Alde batera uzten dut erlijioa,

eta jendea baretzen da.

Alde batera uzten dut ongi komuna lortzeko nahia,

eta ongia belarra bezain komun bihurtzen da.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

“Munduak berezko gaitasuna du bere burua gobernatzeko” diosku Lao Tse-k kapitulu honetan. Beraz, hobe da ahalegin handirik ez egitea hura gobernatzeko, berez duen oreka eta harmonia apurtu nahi ez badugu, behinik behin. Berriz ere, “ez-eginez egin ezazu” kontzeptua dakarkigu azalera, txinatarren “wu wei” kontzeptua, alegia. Horregatik itzuli beharra dago Tao-ra, helburu iraunkorrak lortzeko bidea baita hura. Liderrak argi eta garbi ikusi beharko luke hori, baina ez dirudi gure inguruan horrelakorik gertatzen denik, ezta?

Mozal legea da adibide garbi bat: zenbatenaz debeku gehiago ezarri, lege-hausle gehiago izanen da. Hau da, betiko lege-hausleez gain (“gau-pasa” guztietara apuntatzen direnak) debeku berrietara ezin egokitu daitezkeen beste lege-hausle batzuk bilduko dira nahitaez: abeslariak, aktoreak, kazetariak, manifestariak… nornahi izan daiteke lege-hausle, debekuen mugak oso lausoak baitira, batez ere gizatalde jakin bati begira jartzen direnean legea ezarri behar dutenak.

Seguru asko, guk uste baino askoz ere gutxiago behar da, oinarri moduan, nork bere burua ongi gobernatzeko eta jendartean bizitzeko. Azken batean, “lider” horiek gauza dira betetzeko eurek onartutako lege horiek? Nekez, gurean ia-ia egunero ikus daitekeen bezala; beste kontu bat da zer-nolako zigorra jasotzen duten. Legea, ekonomia eta erlijioa etengabe erabiltzen ari dira jendeak bizitzeko, mugitzeko (baita mugimendu fisikoetarako ere), hartu-emanetarako… dituen berezko joerak ito eta eredu jakin batzuetara moldarazteko. Zertarako erabiltzen dira, esate baterako, diru-laguntza publikoak askotan?

Ongizate-estatuaren kontzeptua etengabe ari dira saltzen gaur egungo “gure liderrak”, ongi komuna lortzeko nahian? Egiatan?

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: