Press "Enter" to skip to content

Bost eraztunen liburua: Lurra (10)

Borroka-arteetako bidea: egon eta entrenatu

Lehenxeago aipatu dudan borroka-arteetako Bideaz, egunero, goiz eta arratsalde, praktikan jartzen saiatuz gero, zure burua zabaldu beharko litzateke, eta horrela eskuratuko zenuke hala gizatalde handiendako nola norbanakoendako egokia den borroka-arte bat. Munduari jakinarazteko asmoarekin lehen aldiz idazten dut hau, bost ataletan banaturik: lurra, ura, sua, haizea eta hutsa.

Nire borroka-artea ikasi nahi dutenendako, hona zenbait arau praktikan jartzeko:

1. Zintzoa izan.

2. Nork bere burua sortu edo asmatu Bidean.

3. Arte guztiez jakin.

4. Lanbide guztien Bideak ezagutu.

5. Gauza guztien abantailak eta desabantailak ezagutu.

6. Argi jokatu kontu guztietan.

7. Ulertu begiekin ezin ikus daitekeena.

8. Arreta jarri gauza txikietan.

9. Ez nahasi kontu hutsaletan”.

Oro har, printzipio horietan jarri beharko zenuke burua, eta borroka-arteetako Bidean entrenatu. Bidean egon besterik egiten ez baduzu, eta egiari buruz ikuspegi zabalago bat hartzen ez baduzu, oso zaila izanen da iristea izatera borrokalari trebe bat. Arau horiek ikasteko gauza bazara, ez zaitu inork mendean hartuko Bide honetan, zeuk bakarrik hogei edo hogeitahamar aurkariren kontra borroka egin behar baduzu ere. Lehen-lehenik, eta gauzarik inportanteentzat harturik, borroka-arteetan etengabeko arreta jartzen baduzu, eta Bide zuzenean aritzen bazara, esku-kolpe batez edo norberaren pertzepzio-ahalmenaz gaindituko dituzu aurkariak. Berriz ere, entrenamenduen bidez zure gorputz osoa nahi duzun moduan eta mugarik gabe mugi badezakezu, aurkariak mendean hartuko dituzu gorputz hori erabilita. Eta burua Bide honetan entrenatua badago, burua erabilita hartuko dituzu mendean aurkariak. Honaino iritsita, nolatan izan daiteke, bada, Bide hau bide-galtzailea inorendako?

Berriz ere, eskala handian erabiltzeko borroka-arte moduan, nabarmenduko da armadarendako pertsona on asko hornitzeko garaian; nabarmenduko da herrialdea normalizatzeko garaian, jendea zaintzeko garaian eta jendartean ordena ezartzeko garaian. Hartara, norberak jakinen du nola jokatu beste Bideetan ez izateko inoiz gainditua, nola lagundu bere burua eta nola ezarri norberaren ospea. Hauxe da borroka-arteetako Bidea.

 

Bosgarren hilabetearen hamabigarren eguna

Shoho-ko bigarren urtea

SHINMEN MUSASHI

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: