Press "Enter" to skip to content

Makiavelo eta Altsasu

“Ea zer den hobe, maitatua izatea ala beldurra ematea”

79 urte. Horixe da Altsasuko gazteei denetara ezarri dieten kartzela zigorra tabernako liskar batengatik. Edonork ikus dezake justiziarik ez dagoela, baina zer da justizia boterearen aurrean?

Duela urte asko, Gaztelak Nafarroa konkistatzen zuenean, Nicolas Makiavelo izeneko pentsalari bat Printzea liburua idazten ari zen Florentzian. Liburu horri azpititulu bat jartzekotan, hauxe izango litzateke egokia: boterea, nola lortu eta nola bermatu.

“Egia da altxatutako herrialdeak zailtasun handiagoarekin galtzen direla bigarren aldiz konkistatzen direnean; printzeak, altxamendua baliatuz, ez duelako duda egiten delitugileak zigortzen, susmagarriak zelatatzen eta alderdi ahulenak indartzen bere boterea bermatzeko”, Makiavelo, Printzea.

Badakigu gure lagunak birkonkista-zaleak direla, eta nahiz eta birkonkista beharrezkoa ez den, badirudi beharrezkoa ikusten dutela boterea bermatzea “borroka armatua garaitu ondoren”. Ez du ezer esaten Makiavelok, zehazki, inozenteak zigortzeari buruz. Geroago, Napoleon Bonapartek idatzi zuen bere Printzea alearen azken orrian: helburuak justifikatzen ditu bitartekoak.

Adibidez, boterearen bermerako gazte batzuen bizitzak xakeko piezen antzera mugitzea?

Guardia Zibilak Altsasu hartu zuen, ez lehen aldiz, boterea noren eskutan dagoen erakusteko

Jarraitzen du Makiavelok, “… hortik sortzen da kontua: ea zer den hobe, maitatua izatea ala beldurra ematea; biak batera lortzea zaila denez, diot: seguruago da beldurra ematea maitatua izatea baino”. Eta Guardia Zibilek Altsasu hartzen dute, ez lehen aldiz, gazteak bahitu eta denon aurrean boterea haiena dela erakusteko. Eta, noski, mehatxu eginez.

Mehatxua, beldurra eragiteko. Adur, Jokin, Oihan, Aratz, Ainara, Julen, Jonan eta Iñakirekin (eta beste hamaikarekin) egin dutena edonorekin egin dezaketeela argi izan dezagun. Edonorekin baino, denokin da hitz aproposagoa.

Baina Makiavelismoa ez da ankertasunera mugatzen, zuhurtasun puntu bat ere eskatzen du: “… hala ere, printzeak beldurra sortu behar du, maitasuna lortu ezean, gorrotoa ekiditen”, eta badirudi hori ez dutela ulertu. Ez ulertu, edo ederki ulertu, Nikolasen garaian ez baitzegoen iritzi publikoa boterearen mesedetan hain erraz (eta eraginkor) deformatu zezakeen komunikazio eragilerik. Gaur, gorrotoak ez dirudi akats printzearentzat; are gehiago mesede egiten diola ematen du.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude