Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (58)

Tao Te Ching

Lao Tse

58

Herrialde bat tolerantziaz gobernatua bada,

jendea alaia eta zintzoa da.

Herrialde bat zapalkuntzaz gobernatua bada,

jendea goibela eta maltzurra da.

 

Botere-nahiak agintzen badu,

zenbatenaz ideal handiagoak, hainbatenaz emaitza eskasagoak.

Saia zaitez jendea pozik izan dadin,

eta miseriaren oinarriak ezartzen arituko zara.

Saia zaitez jendea moralezkoa izan dadin,

eta bizioaren oinarriak ezartzen arituko zara.

 

Hala, Maisuak aski du

eredu izatearekin,

haren borondatea inposatu gabe.

Seinalatzen du, baina ez da indarka barneratzen.

Zintzoa da, eta, aldi berean, zorrotza.

Poz handikoa eta, aldi berean, begirada sosegatukoa.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

Berriz ere, oposizioen multzora ekartzen gaitu  Lao Tse-k kapitulu honetan: alde batetik, tolerantzia, inposizio eza…; beste aldetik, zapalkuntza, inposizioa, botere-nahia… Tolerantziaren eta inposizio ezaren alde agertzen da argi eta garbi Lao Tse. Haren ustez, hoberen-hoberena litzateke nork bere bidea opatzea bizian, borondatez gertatuz gero barru-barruraino iritsiko baita ibilbide horren eragina.

Ibilbide hori behar bezala egiteko, eredu onak izatea komeni da erreferentzia moduan, eta hortxe kokatzen du Maisuaren lana, nagusiki, Lao Tse-k. Horrek, beharbada, funtzionatuko zuen buruz buruko hartu-emanak nagusi ziren garaian, baina gaurko egunean zeharkako hamaika bide erabiltzen dira mezuak eman eta hartu-emanak bideratzeko, eta hamaika sasi-eredu ditugu bazterretan, batez ere bizi dugun aro digital honetan: telezaborra, Facebook…

Yin-yang oposizio-sistemaren irudia ikusiz gero, berehalaxe ohartuko gara yin sinboloaren barruan yang zati bat ere agertzen dela, eta, alderantziz, yang sinboloaren barruan yin zati bat. Sistema horren barruan ulertu beharko genuke zeinen erraz pasa gaitezkeen pozik egotetik miseriara (eta, alderantziz), edo bertute moraletik biziora (eta, alderantziz). Hori dela eta, hobe da jendeari bere bidea egiten uztea, bakoitzak ikus dezan non den norberaren poza eta bertutea. Proselitismoaren antipodetan, ezta? Gutxienez, ikusten badugu nola ulertu den, mendeetan, gure inguruan erlijioaren transmisioa, eta nolako astakeriak egin diren haren izenean.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: