Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (61)

Tao Te Ching

Lao Tse

61

Herrialde batek botere handia lortzen badu,

itsasoaren antza hartuko du:

ur-laster guztiak doaz haren baitara.

Zenbatenaz botere handiagoa baitu,

hainbatenaz apaltasun premia handiagoa du.

Apaltasunak esan nahi du Tao-arekin konfiantza izan behar dela,

ez dela sekula egon behar defentsiban.

 

Herrialde handi bat pertsona handi bat bezalakoa da:

okerren bat egiten badu, hartaz ohartzen da.

Behin ohartuz gero hartaz, onartu egiten du.

Behin onartuz gero hura, zuzendu egiten du.

Euren okerrak agerian uzten dituztenak dira

harendako irakasle preziatuenak.

Etsaiak gogoan ditu

berak egozten duen itzala balira bezala.

 

Herrialde bat Tao-an zentratua bada,

bere jendea elikatzen badu,

eta eskua sartzen ez badu besteen gauzetan,

itsasargi distiratsu izanen da herrialde guztiendako.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Botereduna indar-erakarlea izan da beti; horrexegatik, beharbada, erakargarria gertatzen zaio jende askori boterea. Indar-erakarlea eta, aldi berean, desoreka-sortzailea ere bada boterea; beraz, nola edo hala orekatu beharra dago berez egon beharko litzatekeen harmonia. Eta horretarako apaltasuna jartzen du Lao Tse-k balantzaren beste aldean: zenbatenaz botere handiagoa izan herrialde batek edo pertsona batek, apaltasun handiagoa beharko du orekari eusteko.

Apaltasuna Tao-arekin lotzen du Lao Tse-k, eta aditzera ematen du Tao-arekin konfiantza izanez gero zeozer gertatuko den itxaropen osoa izanen dugula. Hori dela eta, ez da beharrezkoa egotea defentsiban, gertaeren norabide nagusiak erraz aurreikus baitaitezke Tao-aren barruan. Azken batean, amore ematen ikastea da norabide-ardatzetako bat Tao-aren irakaspenetan, eta hori ere lotzen da apaltasunarekin, eta boteredunak ikasi beharrekoarekin, edo ikasi beharko lukeenarekin. Ez gaude ohiturik, ordea, boterea eta apaltasuna aldi berean ikusten; ez gurean, behinik behin.

Herrialde edo pertsona handiaren definizioa ere ematen digu Lao Tse-k: egindako okerrez ohartu, haiek onartu eta zuzentzeko bidean jartzen duena da handia. Galdera da, prest gaude geure okerrak agerian uzteko? Inoiz inork erakutsi digu horrelakorik egiten, edo inoiz inor ikusi dugu horrelakorik egiten? Pentsatu dugu inoiz jokabide hori erakusgarri izan daitekeela beste askorendako?

Bide-erakusle edo erreferente izatea da, azken kapitulu hauetan, Lao Tse-k behin eta berriz dakarkigun gaia. Kontua da baloreen eskala bat sortua dagoela dagoenekoz gure kulturan bide-erakusle edo erreferente izateko, eta ez dut uste bat heldu denik, inondik inora, Lao Tse-k kapitulu honetan aipatzen duenarekin. Laino gehiegi, nonbait, zeruertzean, itsasargiaren distira behar bezala ikusteko.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: