Press "Enter" to skip to content

Bost eraztunen liburua: Ura (4)

Ezpatari eusteko moduaz

Ezpatari eusteko, eman hatz lodiari eta hatz erakusleari lebitazio sentsazio bat; utzi hatz luzea tenkatu eta lasaitu gabe; eta tenkatu hatz nagia eta hatz txikia. Okerra da ezpatari eustea modu erlaxatuan; ezpata jaso beharko zenuke pentsatuz aurkaria kolpe batez ebakiko duzula. Hori egitean, ezpatari eutsi beharko diozu heldulekuan inongo aldaketarik ez gertatzeko moduan, eta zure eskua ezin kontrola daitekeen postura bateraino uzkurtu gabe. Berdin da heltzen, gelditzen, jotzen edo aurkariaren ezpatari eusten bazaude ere, hatz potoloa eta hatz erakuslea pittin bat mugitzeko asmoa besterik ez zenuke eduki beharko. Egoera guztietan, eutsi ezpatari aurkaria kolpe bakar batez ebakitzera joanen bazina bezala. Zure eusteko modua ez da aldatuko: berdin da ezpata berriak frogatu behar badituzu preso edo hilotzen gainean, edo egiazko gatazka batean borrokatu behar baduzu. Gauza guztietan, hala ezpataz nola eskuz, mugiezintasuna ez da desiragarria. Mugiezintasunak esku bat hilik edukitzea esan nahi du; mugikortasunak, berriz, esku bat bizirik edukitzea esan nahi du. Hori guztia ulertu beharra dago.

Oinen erabilera

Oinak mugitzeko unean, behatzen azkazalak jaso beharko zenituzke pixka bat, eta opoen gainean tinko zapaldu. Oinak erabiltzeko unean, betiko moduan ibili beharko zenuke, egoerak urrats luzeak, laburrak, azkarrak edo motelak emateko eskatuta ere. Ez dira batere desiragarriak mugitzen ez diren oinak, ezta hegan edo flotatu egiteko itxura ematen dutenak ere.

Bada zerbait oso garrantzitsua Bide honetan, eta hori “Yin-Yang oina” deitutakoa da; behar-beharrezkoa da hori. “Yin-Yang oinak” esan nahi du sekula ez dela oin bat bakarrik mugitu behar. “Yin-Yang” erabilita, eskuineko eta ezkerreko oinekin zapaltzen duzu, ezkerrekoarekin eta eskuinekoarekin, aurrera egiten, atzera egiten edo kolpe bat gelditzen ari zarela. Berriz diot: ez mugi inoiz ere oin bakarra erabilita. Sakon landu behar da hau guztia.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: