Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (62)

Tao Te Ching

Lao Tse

62

Tao-a unibertsoaren erdigunea da:

pertsona onaren altxorra;

pertsona gaiztoaren aterpea.

 

Hitz ederren bidez eros daiteke ospea,

egintza onen bidez irabaz daiteke errespetua;

baina Tao-a balio guztietatik at dago,

eta ezin du inork hura eskuratu.

 

Hartara, ez eskaini laguntzarik

buruzagi aukeratu berriari,

zure aberastasunak edo eskarmentua haren zerbitzupean jarririk.

Hori egin ordez,

eskaini zeure burua Tao-a irakasteko.

 

Zergatik estimatzen zuten antzinako Maisuek Tao-a?

Zeren eta, bat eginik bazaude Tao-arekin,

bilatzen duzunean opatu egiten duzu;

eta okerren bat egiten duzunean zuzendu egiten duzu.

Horregatik maite dute guztiek Tao-a.

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

Batzuek diote “ona” eta “gaiztoa” kontzeptuak ez direla ulertu behar gure kulturan gaur egun ulertzen ditugun moduan. Lao Tse-ren ustez, “ona” zen Tao-aren barruan bizi zena; “gaiztoa”, berriz, Tao-tik kanpo bizi zena. Horregatik da altxor bat Tao-a haren barruan bizi den batendako, bai baitaki estimatzen zer den hura, zer eskain diezaiokeen, zertan lagun diezaiokeen. Kanpoan bizi denarendako, bestalde, aterpe izan daiteke beti, Tao-ak besoak zabalik hartuko baitu. Aurreko kapituluaren itsasargiaren kontzeptuarekin ere badu zerikusia honek guztiak.

Ez da harritzekoa, beraz, Lao Tse-ren ustez Tao-a izatea balio handiena duena mundu honetan. Pertsona bati eta, batez ere, buruzagi bati eman dakiokeen oparirik onena da hura, norberaren aberastasunaren eta eskarmentuaren gainetik, dudarik gabe. Ez dugu ahaztu behar Tao-arekin bat eginik bizi denak ez duela bilatzen (edo, ez lukeela bilatu beharko) aberastea, edo bere eskarmentua besteei ezartzea.

Buruzagi baten ardura nagusia bada bere agindupeko guztiak ongi, pozik eta konforme bizitzea, zer hoberik Tao-a baino? Tao-ak bidea irekiko dio buruzagiari zailtasunei aurre egin eta irtenbideak opatzeko, eta, aldi berean, okerrak zuzentzeko jarrera aktiboa izanen du. Azken batean, ikuspegi malgua eskainiko dio, eta malgutasuna oso garrantzitsua da agintean dagoen edozeinendako. Horregatik jartzen ditu bigarren maila batean Lao Tse-k aberastasuna eta eskarmentua bezalako kontuak.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: