Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (63)

Tao Te Ching

Lao Tse

63

Egin gabe jardun zaitez;

esfortzurik gabe egin ezazu lan.

Izan gogoan txikia handi balitz bezala,

eta urria oparo balitz bezala.

Egin aurre zailtasunari

oraindik horretarako erraza denean;

ekin eginkizun handiari

ekintza txikiak eginez.

 

Maisua sekula ez doa handiaren atzetik;

horrela lortzen du handitasuna.

Zailtasunekin topatzen denean,

gelditu eta onartu egiten ditu.

Ez baitio atxikitzen bere erosotasunari,

arazoak ez dira arazo berarendako.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

“Ez-eginez” egitearen eta esfortzu handirik gabe lan egitearen aipu ezagunak eginez abiatzen da kapitulu honetan Lao Tse. Esfortzu handirik egin gabe lan egiteko, bada, oso inportantea da txikitasuna, alde guztietatik begiraturik, kontuan hartzea: “ekin eginkizun handiari, ekintza txikiak eginez”. Ez gaude, ordea, oso ohiturik gauza txikiak baloratzen: sentsibilitate falta ote? Nahiago, aukeran, hitz handiak, proiektu handiak, erronka handiak… handitasuna handikeria bihurturik, azken batean.

Batzuek, nolanahi ere, erabat gaitzesten dute planteamendu hori, eta argi eta garbi azaltzen dute ekintza txikiak eginez ezin dela, inondik inora, helburu handirik lortu. Arazoa, beharbada, helburu handiak jartzea da, eta helburu handi horien atzetik etengabe ibiltzea. Etengabeko ahalegin horrek hustu eta ahitu egiten gaitu, eta bidean arazoak eta eragozpenak besterik ez dugu ikusten: frustrazio askoren iturburua.

Jakina da, askoz ere errazagoa dela arazo bat konpontzea hastapenetan denean. Nola jakin, ordea, antzematen noiz hasten den arazo bat sortzen? Horretarako sentsazioen mundu aberatsa landu beharra dago, sentsibilitatea garatuko baitugu antzemateko arazoak noiz eta nola sortzen diren (edo sor daitezkeen), eta haiek handitu edo lehertu baino lehen konpontzen hasteko. Horixe da sena edo intuizioa erabiltzea, besterik ez. Eta, horretarako, zer hoberik gauza txikietan atentzioa jartzea baino? Ba al da abiapuntu hoberik? Txikitasuna ez da txikikeria; handikeria, berriz, ez da handitasuna.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: