Press "Enter" to skip to content

Bost eraztunen liburua: Ura (7)

Oinarrizko hirugarren teknikaz

Hirugarrenaz denaz bezainbatean, beheko postura hartu eta, aurkariak aurrera egiten duenean eraso egiteko, zure aldera erakartzen ari zarelako sentsazioaz, jo ezazu eskuetan behetik gora. Haren eskuak kolpatzeko zorian zauden unean, aurkariak berriz egin dezake aurrera eraso egiteko. Aurkaria kolpe batez zure ezpata behera botatzera doanean, utzi pasatzen haren erritmo azeleratua, eta gero moztu iezaiozu albotik haren besoaren goiko aldea, hark erasoa egin eta gero. Beheko postura erabilita, aurkaria hilko duzu hark eraso egiten duen une berean.

Bidean entrenatzeko, beheko postura egokia da hala hasiberriarendako nola beteranoarendako. Ezpatari heldu eta praktikatu beharko zenuke.

 

Oinarrizko laugarren teknikaz

Laugarren posturan, ezpatari ezkerreko aldetik heldu beharko diozu, eta aurkariak ezpatari eusteko erabiltzen duen eskua behetik kolpatu beharko duzu. Zure behetik gorako erasoari aurre egiteko asmoz, aurkaria aurreratzen denean goitik behera kolpatzeko, eutsi irmoki haren eskuetan kolpatzeko asmoari, blokea ezazu berehalaxeko haren ezpataren bidea, eta gero moztu ezazu zeiharka zure sorbaldaren noranzkoan. Hau da Ezpataren bidea. Berriz ere garaitzeko modu bat da aurkariari ezpata blokeatzen badiozu eraso egiten ari den unean. Sakon landu beharko duzu hau guztia.

Oinarrizko bosgarren teknikaz

Bosgarren oinarrizko teknikan, ezpatari eskuineko aldetik heldu beharko diozu. Aurkaria erasotzen hasten denean, alda ezazu beheko aldetik zure ezpataren bidea, jaso ezazu goiko postura bateraino eta berehala eman ebaki bat beherantz. Ezpataren Bidea ongi ezagutzeko ere balio du honek guztiak. Ohitu egiten bazara ezpata astintzen oinarrizko postura hau erabilita, erraz maneiatuko duzu pisu handiko ezpata bat.

Ez ditut xehetasunez deskribatu oinarrizko bost teknika hauek. Orokorrean nire estiloa ezagutzeko, hobeki ulertzeko haren erritmoa, eta bereizteko aurkariaren ezpataren norabidea, beharrezkoa da aurren-aurrenik egunero landu eta fintzea bost teknika hauek.

Baldin eta ezpataren bide hauetaz baliatzen bazara, nola edo hala irabaziko duzu: aurkariaren asmoa aurrez ikusita, erritmo desberdin hauek erabilita, baita aurkariaren kontra borrokatzeko ematen duzun denbora ere kontuan hartuta. Sakon ulertu beharko zenuke hau guztia.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: