Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (67)

Tao Te Ching

Lao Tse

67

Batzuek diote nire irakaspena  zentzugabekoa dela.

Beste batzuek, ez dela praktikoa, goi mailakoa izanagatik ere.

Beren barnekoari begiratzen diotenek

zentzu osoa opatzen diote zentzugabekoari.

Eta hura praktikan jartzen dutenek

goi mailakoa dela irizten diote, zainak sakon-sakonak baititu.

 

Hiru gauza besterik ez dut irakasteko:

xalotasuna, pazientzia eta errukitasuna.

Hiru horiek dira zure altxorrik handienak.

Pentsamenduak eta ekintzak xaloak badira,

izatearen jatorrira itzuliko zara.

Hala lagunekin nola etsaiekin pazientziarik baduzu,

gauzen izaerarekin bat eginen duzu.

Zeure buruarekin errukitzen bazara,

munduko izaki guztiak adiskidetuko dituzu.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Geure biziari eta bizimoduari zentzua opatzeko, barne-barnean begiratu beharra dago. Barneko bidaia egin behar da, ezinbestean. Errukia ere, lehenik eta behin, nork bere buruarekin izan behar du, xalotasuna eta pazientzia bezalaxe. Beraz, zainak norberarengandik hasita zabaltzen dira, goi mailakoa izaten baita behe mailakoa sendoa izaten duena.

Bestaldetik, praktika dago gauza guztien oinarrian; hala ikasteko nola irakasteko bide nagusia da. Horretaz ere behin baino gehiagotan hitz egin digu Lao Tse-k, baina oraingo honetan adierazi nahi digu nork bere buruarekin sakon praktikatu behar duela gertuenekoarekin eta urrunekoarekin bat egiten hasi baino lehenago. Harmonia, azken batean, norberaren baitan hasten da, eta hori lortze aldera jarri behar dira lanean praktika molde nagusiak.

Harmonia… eta oreka, berriz ere; izan ere, hiru altxor horien baitan biltzen dira haien aurkakoak ere: yin eta yang.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: