Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa, han intentzioa: teknika (I)

Karate

Non atentzioa, han intentzioa (edo gogoa) deitu diogu azpi-atal honi, eta entremanduen zenbait alderdi aipatuko ditugu. Asmoa ez da ariketa zerrenda bat ematea, edonork edukiko baitu eskura zerrenda luzeagoa eta hobea gurea baino. Gure ustez, entrenamenduetan eragina duten zenbait gune aztertu nahi ditugu, besterik ez.

Teknika hitza ere idatzi dugu izenburuan; izan ere, teknikak azaltzen abiatzen ditugu askotan ikaste/irakaste prozesuak. Adibide bat ekarriko dugu hona, argiago gera dadin. Demagun Nordic Walking (martxa edo ibilera nordikoa) ikasi nahi dugula eta izena ematen dugula ikastaro batean sistema hori ikasteko. Zer azalduko digute hasiera-hasieratik? Seguru asko, Alfa teknika irakatsiko digutela esanen digute: jatorrizko teknika hobetua (hitz horiek ezagunak dira beste diziplina batzuetan, ezta?). Beraz, teknikari garrantzi handia ematen diogu.

Nordic walking

Gero, askotan, teknikaren ezaugarriak edo ikasteko eman beharreko urratsak zerrendatuko ditugu. Nordic Walking-aren kasuan hauexek aipa daitezke (labur-labur):

  • Materiala (makilak) ezagutu.
  • Makilak askatzen ikasi (besoa luzatu…).
  • Makilak modu kontrolatuan erabiltzen ikasi (heldu-askatu).
  • Bizkarrezurra zuzen jarri (begirada urruti finkatu).
  • Mugimenduaren guneak landu: sorbaldak, aldakak…
  • Oinak nola jarri eta jiratu.
  • Aurreko guztiak lotu, teknika etengabe hobetu eta beharretara egokitzeko.

Ez da zaila irudikatzea zer-nolako i(ra)kasbide erabiltzen dugun gehien-gehienok: azalpenak eta ariketak prestatu urrats horiek banan-banan ikasteko. Hau da, mugimendu bateratu bat zatikatu, eta zati bakoitza mendean dagoenean mugimendu bateratu hori egiten saiatzen gara. Baina, ez al da beste biderik hori guztia lantzeko? Aurki, bai.

Teknika landu beharrean, hasieran gorputza landuko bagenu? Zer gertatuko litzateke, kasurako, modu naturalean ibiltzen hasiko bagina buruan kuxin bat -edo beste gauzaren bat- jarrita?:

  • Bizkarrezurra berez luzatuko litzateke?
  • Beso-hanken arteko koordinazio naturala berez sortuko litzateke?
  • Sorbaldak, besoak… erlaxatuko lirateke?
  • Begirada ez litzateke, berez, urruti finkatuko?

Mugimendu naturala aktibatzen dugunean hasi gaitezke sentitzen gorputzaren barruko hizketa. Hasi gaitezke sentsazioak antzematen, eta, aldi berean, ikasteko beste bide interesgarri bat zabaltzen: bide intuitiboa. Atentzioa barruko sentsazioetan jarrita, intentzioa (gogoa) berez sortuko da. Eta gogoan izan: non da nire gogoa, han da nire zangoa. Hau da, makilak esku artean ditugunean, sentsazio horietan zentratzea da biderik onenetakoa urrats gehienak modu bateratuan emateko.

Horregatik ote garai bateko esaera? Txapela buruan, ibili munduan!